XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lunbrizido endogeoak sustraietako materialez edo anezikoek lurperatutako zein euriak iragazitako materialez elikatzen dira.

Beraz, tipo ekologiko hau inguru bero eta hezeetara ongi moldatzen da leku horietan euri-urak iragazitako produktuak arin deskonposatu ondoren geruza sakonetara garraiatuak izaten bait dira.

Adibidez, Afrikako sabanetan oso ugariak dira baina soilik eurite-urtaroetan izaten dira aktiboak.

Klima eta landarediaz gain lurzoru-motak dauka garrantzia handia lunbrizidoen banakeran.

Honela, lur hareatsuetan oso eskasak izaten dira hareak ez diolako urari eusten eta elika-elementuak, euriak garraituta, galdu egiten direlako.

Orohar, zizare-komunitate baten egoera ekosistemaren egoera orokorraren mende dago.

Suedia eta Bolikosta bitarteko zizare-populazioen egituraketa, P. Lavell-ek egin azterketen ondorioz ikusi denez latitudearen, landare-hondakinen deskonposatze-erraztasunaren eta lehorte-sasoien iraupen eta frekuentziaren arabera ematen da eta inportantzi ordena horretan gainera.

Nekazari eta deskonposatzaile.

Esan bezala, lunbrizidoek hondar organikoz eta lurrez eratutako nahasketa bat irentsiz materia organikoaren deskonposaketa bizkortzen dute eta landareen hazkuntza errazten.

Epigeoek irensten dutenaren zatirik handiena organikoa izaten da, endogeoek ostera gai mineralak batez ere jaten dituzte eta anezikoek neurri berdinean hustiatzen dituzte bi substratu-motak.

Zizare aneziko batek urte baten buruan egiten duen lanaz jabetu zaitezten zera esango dizuet: zizare tonelada baten, edo bestela esanda, hektarea batean aurkitzen den zizare-biomasaren hesteetatik 250 tonelada lur iragaiten da urte batean.

Kontuak atera. Klase honetako zizare baten liseri-hodia aztertuz gero horbel erdiustela, azaleko lurra, hondoetako lurra eta zizare-gorozkiak aurkituko genituzke.

Lurrazaleko gorozki freskoak, sustrai iherrak eta hosto ustelak behin zizarearen liseri-hodian sartuz gero prozesu eranitzak jasaten dituzte eta gorozki-moduan kanporatzen dira, eraketa berezitan geratuz lurzoru gainean.

Gorozkien zati bat deskonposatu egiten da CO-a galduz eta landareek jadanik birzikla ditzaketen elementu mineralak askatuz.

Prozesu guzti hau, lurzorukoa zein heste-hodikoa, bakterioen laguntzarekin gertatzen da eta amaitu ondoren deskonposaketa ez bada osoa izan gorotzek bakterio-erasoaldi berri bat jasaten dute eta zizareek berrirensten dituzte.

Beraz, mikroorganismoek eta lunbrizidoek paper osagarriak dauzkate materia organiko hilaren anderakuntza edo degradazio-prozesuan.

Halaber, zizareen irensketa-lanak mikrofloraren sakabanaketa mesedetzen du: zizareek irentsitako koloniek liseri hodian batasuna galtzen dute eta eremu berri batean kanporatzen direnean kolonizazio berri bati ekin diezaiokete.

Zizareak irensten duenaren zati bat ez da berriro uzkian zehar kanporatzen ehunek asimilatzen dutelako.

Zati honek ehunetan zenbait eraldaketa-prozesu pasa ondoren bi bide, bata zein bestea, jarraitzen ditu: CO2, NH4 eta gisako eskrezio edo iraitz-molekula moduan kanporatzen da edota zizareak lekuzaldatzerakoan botatzen duen lingirda edo mukia osatzen du.

Batzutan, anderakuntza oso handia izaten denean, elementu bakun edo biogenoak, hau da, P, K, C, N, etab. askatzen dira.

Materia organikoaren deskonposaketa-prozeso honi mineralizazio deritzo zeinak zuzenki asimila ditzaketen elementu behar-beharrezkoez hornitzen bait ditu landareak.

Nahiz eta mineralizazio lana betidanik mikroorganismoei leporatu izan gaur badakigu prozesu horien %20a lur-zizareek egiten dutela.

Zizareen irensketa-botatze etengabeak hiru modutan mesedetzen ditu landareak: batetik, zizareek uzkitik kanporatzen duten nahasketak bakterioen eraginez egitura bikortsua hartzen du; bestetik, fosforo eta potasioaren gisako elementu biogenoak askatzen dira eta azkenik humusa eratzen duten makromolekula organiko konplexuak sintetizatzen dira.

Hiru ezaugarri hauek landareentzako onuragarriak dira.

Hektarea bateko azaleran zizareek 4 eta 5 mila kilometro galeria industen dute eta galeria hauek ongi aireztatutako, drenatutako eta gorabehera klimatikoez babestutako inguru bat eratzen dute.

Animalia hauen jarduerak ez du nahitanahiez lurzoruaren porositatea handitzen baina bai ordea ura iragazteko eta eusteko ahalmena.